XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KONKLUSIO ANTZEAN OHAR LABURRAK Idazlea gizarte bizitzaren ertzean edo handik at dagoen norbait denik ez du pentsatzen euskal idazleak.

Idazlea ez da demiurgo bat, bakartia, gizon bitxia, ez eta drogatua ere.

Arauz kanpoko literatur gizon bakartiaren mitoak ez du hemen defendatzailerik.

Ez Joyce, ez Alan Poe, ez Rinbaud, ez Hemingway, ez Dostoiewski dira euskal idazleen giza ereduak.

Bere burua lankidetzat, herkidetzat, du euskal idazleak.

Agian, beste zenbaitek baino suerte hobea izan du (ikasketak, profesioa), baina hargatik ere herriarekin zordunago sentitzen da.

Solidario, lankide eta zerbitzari.

Herriaren zerbitzari; herria esatean, herri xehea, populua eta Euskal Herria besarkatuz.

Euskal idazleak aisago estimatzen du gizarte hedadura duen literatura, kreaziozkoa baino.

Bere lanean, literatura soziala maiteago du abangoardia baino.

Literatur zaleak tendentzia horren kontra altxatzen dira. Baina alferrik.

Joera horren arrazoin sakonak konprenitzea hobe da: kulturaren eta hizkuntzaren egoera tamalgarri eta pairakaitza (literatura ederraren kaltetan hizkuntzaren batasunak darama lehoinaren partea), burruka politikoaren eta sozialaren presentzia edo hurbiltasuna, kulturaren balio politikoaren idorokuntza berri-berria, euskara kultur hizkuntza bilaka dadinaren premia larria.

Honek esplika lezake hura, ene ustetan.

Euskal idazlea, konprometitua eta herritarra izan nahi duen idazlea, kontradiziotan murgildurik datza.